Software Librea, Askatasuna eta euskara

Artikulu hau urriaren 17ko Goienkarian publikatu dugu:

Askatasuna
Askatasuna da software librearen ikurra. Lau oinarrizko askatasun aldarrikatzen ditu:
askatasuna programa erabiltzeko
askatasuna aztertzeko eta aldatzeko (ondorioz kodea eskuragarri egon behar da)
askatasuna programak kopiatzeko eta banatzeko
askatasuna programak hobetzeko eta komunitateari berriz emateko.

Jakintza elkarbanatu
Kodea askatasunez ikusteak eta hobetzeak dakarren abantaila nagusia, jakintza elkarbanatzearena da; elkarlanean programak hobetzea, hobekuntzen onuradun gizarte osoa dela azpimarratuz. Abantaila praktiko honetan oinarrituz Open Source mugimendua sortu zen

Software librearen mugimenduak (Free Software Foundation), alde praktikoaz gain, balore etikoak defendatzen ditu. Softwarea jakintza da eta jakintza trabarik gabe banatu behar da. Jakintza gordetzea gizartearen aurka jardutea da, adierazpen askatasunaren murrizpen bezala ulertuz.
Itzulpena denon eskura

Euskara
Kodea eskuragarri egoteak, nahi den hizkuntzara itzultzeko aukera ematen du, filosofia bera jarraituz, itzulpen hori guztiontzat eskuragarri egongo delarik. Honela, itzulpen hori beste programa batzuk itzultzeko erabil daiteke.
Gure kasuan, programak euskaraz izateko eta programa gehiago euskalduntzeko askatasuna esan nahi luke horrek. Edonork egindako euskarapena hurrengo programa euskaratzeko erabil daitekeenez, lan izugarria aurrezten da eta askoz programa gehiago euskaratu daitezke. Software librea da etorkizuneko munduan euskara sustatzeko biderik onena da zalantzarik gabe.

Komunitate irekia
Software libreaz dihardugun honetan, ezin aipatu gabe utzi, filosofia zabal honen alde daudenek komunitate ireki bat sortu dutela, non elkarri laguntzeko prestutasuna agertzen duten. Internet bidez elkarri laguntzeko foro, blog eta wiki zerbitzuak daude. Programa konkretuen foroak, software librearen aldekoen blogak etab.
Euskaraz mugimendu honetan aitzindari www.librezale.org taldekoak ditugu, bertan programak euskaratu, euskal programak banatu eta foroaren bitartez elkarri laguntzeko aukera ematen dute besteak beste.

Nola izan Libre eta euskaldun?
Hainbat maila daude parte hartzeko orduan. Lehena eta garrantzitsuena, guztion eskura dagoena, erabilera da. Erabili ezazu software librea.

Adibide esanguratsuak
Software librean ia dena egin daitekeen arren, hona hemen adibiderik esanguratsuenak eta non lortu:
Merkatuko internet nabigatzaile onena Firefox 3 librea da.
Openoffice.org bulego lan guztiak egiteko prest dagoen aplikazioa.
Gnu/linux sistema eragilea. Ehunka banaketa dauden arren famatuenak ‘hasterako’ orduan: Ubuntu, Suse, Mandriva edo Fedora.

Beste askorentzat garrantzitsuena, software librea doan izatea da. Zertan ari zara programa piratak erabiltzen, libre eta euskaldunak doan dituzu-eta?

zer duzu esateko?